XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Humanizazio plan baten beharra azpimarratu dute gutxitu fisikoek.

Gutxitu fisikoek sanitate zerbitzuen hutsuneak eta akatsak salatu. Ortoprotesia, medikazio eta errehabilitazio alorretan batez ere

Ortoprotesia, medikazioa nahiz errehabilitazio alorretan hainbat akats jasan behar izaten dituzte gutxitu fisikoek euskal komunitate autonomoaren gizarte-zerbitzu eta osasun-zerbitzuen arteko koordinazio faltaren ondorioz, gutxitu fisikoen koordinadorak salatu duenez.

Era berean, komunitate autonomoko sanitate zerbitzuen humanizazio planen baten beharra ikusten du elkarte honek, Estatuko gainontzeko lurraldeetan burutu denaren antzekoa.

Raquel Barroso, Elena Espizua, Agustin Hernández eta Marivi Martínez koordinadorako kideek, Zerbitzuan aldizkarian elbarrituen arazo nagusiak aztertzerakoan diotenez, gutxitu fisikoek jasaten dituzten sanitate gabeziak errehabilitazio alorrean azaltzen dira argi ta garbi.

Normal izatera sekula iritsiko ez den pertsona bazterrean uzten dute honelako prestazioetan baieztatzen dute eta are gogorragoa da, txonkatila bat okertu eta gaiso kroniko bati dagokion tratamendua jaso duen burumuin paralitikoaren egoera.

Komunitate autonomoko elbarrituek eta euren senitartekoek jasotzen duten laguntzari dagokionez, sanitatearen arduradunek uko egiten diote zerbitzu sozialen alorrean dagokien lanari.

Beranduegi jokatzen dute, eta hartu beharreko neurriak aldez aurretik adituek zehaztu gabe, azaltzen dute koordinadorako ordezkariek.

Euskal komunitatean larriki elbarrituentzako erresidentzia zabaltzeko egin dituen ahaleginak alferrikoak izan direla gogoratzen du koordinadora honek.

Inork esango al digu zer gertatzen den guzti honekin?.

Zer egiten dute hogeitamar euskaldunek Pozoblancon eta Alcuescar-en Cordoba eta Cacereres komunitate honen laguntza aurkitu beharrean?.

Bestalde, Euskadin paraplejikoak baino gehiago dira muskulu distrofia dutenak, eta Estatu guztian zentro bat ere ez dago gaisotasun mota hau sendatzeko.

Gauza bera gertatzen zaie polioa dutenei, hauentzat ere ez da zentro berezirik eratu.